Sagardotegi tradizionala da gurea bai eskaintzen dugun menuagatik, bai mantentzen ditugun ohiturengatik. Ia urte osoan ditugu ateak zabalik eta giro aparta aurkitu dezakegu urteko edozein egunetan.
Urtarrilean irekitzen dizkiogu ateak TXOTX denboraldiari eta abendura arte mantentzen dugu zabalik.
Gure Historia
XVI. mendean Gartziategi baserria sagardoa egiteko eraikia izan zen. Beraz, 450 urte dituen dolare-baserria da gure etxea. Lau ardatz nagusien artean dolarea zegoen, eta haren inguruan, sukaldea, logelak, ukuilua eta beste hainbat departamentu. Familiartekoak bertan bizi izan gara, urtez urte, mendez mende, hobekien ezagutzen duguna egiten. Sagardoa.
Denbora aurrera joan ahala, 1918. urtean Julian Arrietak Peñafloridako Kondeari, garai hartako jabeari, baserria erosi zion. Hau da, maizter izatetik etxearen jabe izatera pasa ginen. 1988. urtean Gabriel eta Joxe Mari Lizeaga anaiek, abizena lelo hartuta, izen berri baten aldeko apustua egin zuten. Lizeaga da, beraz, gure sagardotegia.
“JOXE MARI” BIRRAITONA
Aipamena merezi du gure birraitona Joxe Marik. Izatez sagardogile eta nekazaria zen, baina egurra lantzen trebea ere bazen eta 70 urterekin upelak egiten hasi zen.
Hamabost urtez aritu zen egurra moztu, kurbatu eta zizelkatu ondoren zatiak bateratu eta heltzen upelak osatu arte.
Bere lanak bazuen berezitasun bat, erabiltzen zen egur mota. Gehienek gaztainondoarena erabiltzen bazuten ere, gure birraitonak “akatzia” (akazia) eta haritza erabiltzen zituen, sagardoari ematen zioten zaporeagatik.
Oraindik ere, mantentzen dugu gure Joxe Mariren upel bat guretzat garrantzitsua delako.
Urumea, Sagardoaren Ibaia
Urumea, Sagardoaren Ibaia, proiektu bat da, antzina salerosgaiak Astigarragatik Donostiara eta Urumea ibaitik zehar nola garraiatzen ziren birsortzen duena. Salerosgai horien artean, nola ez, Astigarragako dolare-baserriek egindako sagardoa zegoen.
Sagardo-upelak, frutak eta gainerako produktuak gabarretan kargatzen ziren Lizeagak eta Petritegik Urumea ibaian zituzten ontziraleku propioetan eta Donostiara arte eramaten ziren. Hara iritsi ondoren, idietan kargatzen ziren hiriko hainbat tokitara banatzeko.
Astigarragako Lizeaga eta Petritegi sagardotegien ekimen horren helburua da ohitura hori berreskuratzea eta partekatzea, eta horrela, gure kulturaren zati bat zaintzea.
Jatorri-deitura ziurtatua
Euskal Sagardoaren parte gara
Euskal Sagardoa – Sidra Natural del País Vasco jatorri-deitura duten sagardoak sagar % 100 bertakoekin egiten dira eta kalitatezko ziurtagiri bat dute.
HAZI Fundazioak prozesu osoa kontrolatzen du Fraisoro laborategietan (ziurtatutako lehenengo laborategian), sagarrondoetatik hasi eta botilaratzen direnera arte.
Sagardoaren sektoreak euskal erakundeekin batera lan egin du EUSKAL SAGARDOA jatorri-deituraren alde. Kalitate bikaineko sagardoa da, soilik sagar autoktonoarekin egina.